EMAKUMEA: INDARKERIA ETA ASKAPENA. Ana Basalduak idatzia ESPALA Ezker Abertzalearen aldizkariaren (Pedro Egaña, 2.zbk, 1.esk., 20006 Donostia) nš 0. 1996ko 0. alean 14-21 orialdeetan

      3.- PAZIFISMO FEMINISTA

      Esperientzia historiko hau erabat kontrajarririk dago emakumeok borroka eta erresistentzian parte hartu ez dugula defendatzen duen tesiaren bi adierazpen nagusiekiko. Aipatu tesia honakoa da funtsean: "emakumeak baketsuak dira berez edo moralezko lege naturalez edo Jainkoaren aginduz, eta ezin dute indarkeria egintzarik egin behar, ez ahal". Tesi honen babespean eta bera sendartzeko asmoz -historikoki gezurtatu izan baita- botere patriarkarrak konfesaleku eta pulpituetatik psikiatra eta "emakumearen modaren mundua" deiturikoaren atzean ezkutaturiko menerapen sistemaraino doan bilbapen konplexua eratu zuen.

      Tesi honen "egiaztagarri" gisa erresistentzia eta borrokan parte hartu izan duten emakumeen kopuru urria aipatzen dute. "Gutxi dira indarkeriak berain izakeraren aurka, moralezko lege naturalen aurka edo Jainkoaren legearen aurka jotzen duelako" diote "eurenak ez diren gizonezkoen balioak berenganatzeak eramaten ditu emakumeak indarkeria erabiltzera". Baina errealitatea oso bestelakoa da: gizonezkoen etengabeko presioak eragiten du erresistentzia bide guztien beharra defendatzen dugun emakumeok gutxi izatea. Izan ere, gizonezkoen presioaren helburua pasibo, otzan eta boterearen meneko bihurtzea da.

      Ez dago ustezko gure "izakera baketsua" genetika edo biologiaren bitartez azaltzeko ziorik. XIX. mendean, darwinismo sozialaren babespean eta inperialismoaren interesei jarraikiz, honako hiru ideiak zientifikoki egiaztatzeko xedea zeukan korronte genetista bat sortu zen: zurien nagusitasuna, alferkeria eta txirotasunaren zio genetikoak eta emakumearen menpekotasun, gutxiagotasun edo "berezitasun" genetikoa. Etika zientifikoaren eta hertsitasun metodologikoaren kontra joaz ere -honi dagokionez, hainbat eskandalu izan baita- genetistek inoiz ez dute ezer erakusterik lortu. Feminismoaren eta deskribatutako arazoak inguruabar sozioekonomiko eta soziokulturalei egozten dizkietenen tesiak, aitzitik, behin eta berriz egiazta daitezke. Eta are zailagoa dute ordenaren defendatzaileek "arrazoi eternalak", moralezko lege naturalak eta jainkoen borondatea egiaztatzea.

      Duela zenbait urte tesi horren aldaera "aurrerakoia" sortu zen, bertsio ekologistak eta naturalistak biltzen dituena. Tesi honen garapenak zerikusi handia dauka "mugimendu alternatibo", politika berde", "ekopazifismo", e.a.en igoerarekin, eta horiekin batera hazi zen pazifismo feminista ere. Toki arazoak direla-eta laburbildu egingo dugu: emakumeok bizi-sortzaileak gara; gure sistema psikosomatiko osoa, gure gorputza eta adimena bizia sortuz garatzen dira, sekula ez suntsituz. Indarkeria gizonezkoen sorkuntza da, eta pazifismoa emakumeena; izan ere, ezinezkoa baita bizia sortzea suntsitzeko. Bizia sortzeak berezko portaerak eskatzen ditu: pazientzia, ulerkortasuna, maitasuna, eztitasuna, leuntasuna, samurtasuna,... Aitzitik, bizia suntsitzeak alderantzizkoa eskatzen du: pazientziarik eza, adiezintasuna, gorrotoa, garraztasuna, gogortasuna, izakera latza,...

      Bizia sortzeko esparruek -familia, demokrazia, kultura, ...- gizonezkoen toxikazioak alde batera utzita, gizabidea, elkarrizketa, ezaguera, elkartasuna eta bestelako edukin femeninoak dauzkate. Bizia suntsitzeko esparruak -armada, diktadura, fanatismoa, norberekoikeria,...-, aldiz, gizonezkoen balio zanpatzaileen ezaugarri dira. Pazifismo feministaren xedea bere balioak iharduera eta bide ez-bortitzen bidez gizarteratzea da. Honen adarretako batzuk, ezarritako boterearen kargu politiko-administratiboetarako irispidearen alde azaltzen dira, horietatik gizartearen eraldakuntza baketsua sustatzea errazagoa delako aitzakiaz.

      Honakoan ez gara luzez arituko korronte horien eta, oro har, pazifismo feministaren kutsu erreformistaren aurkako kritikaz. Balio femeninoak eta maskulinoak aurkatzean, hots, ona eta txarraren arteko bereizketa antagonikoan, datzan haien oinarrizko tesia kritikatzeko tokia baino ez daukagu. Jainkoen eta moralezko lege naturalaren "egia eternalen" argudioa erabiltzen dutenen akats bera egiten dute. Errealitate historikoa hori guztia baino askoz ere konplexu eta aberatsagoa da, eta sexuen ezaugarri aurkatuetan oinarritutako sineskeria guztiak, zeintzuen arabera sexuetako batek balio on guztiak dauzkan eta besteak txar guztiak, errotik baztertzen ditu.

      Hala ere, pazifismo feministak badauka zer irakatsi: menperatzaileenak ez diren balio alternatiboen aldarrikapena; sistema patriarkar-burgesaren hoztasun ezgizatiarra areagotzen ari den garai honetan, afektuzko bizipen pertsona eta kolektibo beroak garatu nahia, e.a. balio ukaezinak dira. Baina berehala sortzen da galdera: bateraezinak al dira balio horiek eta borrokabide guztiak? Areago: ez al dute borroka armatuan, gerra iraultzaile luzeetan edo klase zein nazio konkisten aurkako defentsa odoltsuetan parte hartu duten emakumeek balio horiek erakutsi oso egoera gogor eta latzetan? Ez al dira emakume "baketsu" eta euren jabeekiko -aita, senar, ugazaba eta apaizekiko- maitale "gozo" izan diren horietako asko, euren boterea erabili ahal izan dutenekiko -seme-alabak, morroiak, e.a.- bortitz eta oldarkor izan?

      4.- INDARKERIAK ETA ASKAPENA

      Patriarkatuaren zitalkeria